6- Ohar pare bat amaitzeko.
Gisa honetako lanen egitura formalak "ondorioen" atala eskatzen omen du eta ezin bukatu ba betekizunari erantzun gabe. Betekizun bitxia hori bai, izan ere nere ustez irakurri duzuena baita ondorioa: egindako lanaren ondorioa, bere oinarri, zorroztasun eta hutsune guztiekin. Kontua da orain zuei dagokizuela lana neurtzea eta epaitzea.
Dena den, egitura formala formalki zurian gera ez dadin zenbait ohar gehituko ditut autoneurketaren atrebentziari, lanean azaldu diren idei azpimarragarrien xedeari eta zenbait elementu nabarmenei jarraiki.
Lanaren lehenengo zatia, sarrera historikoa izan asmo zuena, gerora erabili diren kontzeptuen perspektibara hurbiltzeko saioa ere izan da. Nazioa, autodeterminazioa, herrien eskubideak, nazioartea.... kontzeptu hauen guztien onarpena/ez onarpena zen lanaren xede nagusia: jarrera bat eta bestea alderatzea, kontzeptuak aztertzea, ideia zein edukinen garapenaren arrastoa jarraitzea. Hortaz, lehenengo atala ariketa modukoa izan da. Aurreneko urratsa. Bai hasieran, bai lan osoan zehar famili bereko kontzeptu gutxi batzuen bilakaera aztertzean esanahiak alderatu beharrak estilo arazoa (edo akatsa?) sortu du. Esan nahi baita kontrastea trinkotzeko erabili den idazteko era beharbada gehiegitxo aldentzen dela historiografiaren idazkera homologatu-estandarretik. Edonola ere hutsune hori lanaren funtsaren mesedetan egin da, ez horrenbeste nahita, beste era batera adierazteko gauza izan ez naizelako baizik. Hots, idei eta egitasmo oso desbderdinak eta korapilotsuak adierazten dituzten kontzeptu batzuen bilakaera aztertzea izan da jomuga, eta bitartekoa kontrastea. Asmatu ote den?, herrien izana zein eskubideen aitorpenean PSOEk jorratu zuen ibilbide kontraesankorra agertu bada gaitzerdi, eta kontraesan horien esanhaia atzeman bada.... orduan bai, ulertzeko moduan idatzi dut. Bestela ez.
Lanaren azken atalak (Konstituzioaren arrastoa) beste aipamen bat merezi du. Errepikatzea izango da, baina argi gera bedi: ez da konstituzioaren azterketa juridiko borobila burutu nahi izan, eztabaida konstituziogilearen testuingurua osatzea baizik. Izan ere eztabaida luze eta bizi horretan idei asko, irakurketa gehiago eta propaganda hutsa gainezka azaltzen denez komenigarria iruditu zait herrien sujetu politikoaren aitorpena/ez aitorpenaren inguruko erreferentzia esanguratsuenak ematea.
Lana burutzeko iturriak topatzea ez da zaila izan. PSOEren mezuaren arraso ugari aurki daitezke aldizkaritan, bere aldizkari ofizialean eta aipatu dudan bibliografian. Orohar bi motako bibliografia topatu dut: zegokidan garaiaren irakurketan ikuspegi positibista-legitimazalea nagusitzen zaiona bata, ezker-ezker muturreko ikuspegiko kritika bestea. Ez naiz zentzu despektiboan ari: esan nahi dudana da lehenengoek (gehienek) transizioko gertaeren urrenkerari ezinbesteko ondorio konstituzional baikorra egokitzen diotela, eta besteek ezkerreko kritika zorrotza dutela ardatz. Nik herrien aitorpena izan dut behagune, "herri" edozein herri dela abiapuntutik aztertuta. Edonola ere bibliografia ugari dago PSOE eta transizioaren inguruan, baita oinarrizko agiriak eskuratzeko aukera erraza ere.
Baina iturriek bere mugak, edo nahi bada oztopoak adituzte. 1976tik aurrerako PSOEren batzorde Eragilearen edo Batzorde Federalaren aktak eskuratzeko arazoak daude, arazo dexente, besteak beste alderdiari eskatu behar zaizkiolako. Arazo gehigarri bat, PSOEko aparatuak berak agindu zuen 1976-1978ko zenbait agiri desegitea (XXVII Congreso PSOE. Edición a cargo de Alfonso Guerra, Barcelona, Avance, 1977, liburua adibidez) eta horren ondorioz oso zaila da han hemendik geratu diren arrastoak atzematea. Arazo hau ahozko iturriekin oreka daiteke baina argi izanda zenbait jende topatzea oso oso zaila dela, eskuragarrien diren lekukotasunak "ofizialistak" direla (hots, alderdiaren aparatoaren alde agin dutenak) eta azkenik lekuko pribilegiatu batzuek (1976ko biltzarraren ondoren alderditik kanpo geratu zirenak) emandako datuak baieztatzeko arazo latzak daudela. Izan ere garai hartako PSOEren arduradun esanguratsuenak punta puntako politikariak izaten jarraitzen dute eta transizioa bere osotasunean zein lurralde antolaketaren kezka bereziki estatu arazoa izan ziren eta izaten jarraitzen dute gaur egun, horrek esan nahi duen guztiarekin. Zailtasunak zailtasun, aitortu beharra dago lan hau burutzerakoan zenbait ikerketa ildoen hastapenetara baino ez naizela iritsi eta beraz, oraindik badagoela zeri ekin.
Hauxe da dena.
![]() |